URTE BERRIAREN HASIERAN, ANTZERKIA, ONGINTZAZKO KONTZERTUA ETA ERREGEEN DESFILEA

Urt, 2018 Irun, Hondarribia, ekintzak, erregeak, taupadak

Jarduera erakargarri mordoa dugu urte berria hasteko: Go!azen 3.0 musikalaren bisita Hondarribian, kale antzerkia Irunen, errege opil erraldoi bat, ongintzazko kontzertu bat eta, jakina, Erregeen desfileak. Hona xehetasun guztiak.

Urtarrilak 2, asteartea, eta 3, asteazkena: Go!azen 3.0 Itsas Etxean

Hondarribian, urtarrilaren 2an eta 3an, Glu Glu Produkzioak konpainiak Go!azen 3.0 ikuskizun musikala aurkeztuko du, Itsas Etxean. Bi emanaldi izango dira, 16:30ean bata eta 18:30ean bestea, 10 euroan, Ramon Agirre, Asier Burguete, Paula Etxeberria, Aitana Etxeberria eta Aritz Mendiola aktoreen eskutik besteak beste. Maitasuna, umorea eta nerabeen arteko abenturak kontatzen ditu ikuskizunak, dantzaz eta abestiz apainduta, txikien eta handien gozagarri.

Urtarrilak 4, osteguna: kale antzerkia Irunen eta Erregeen postariak

Irungo Udalak kale antzerkia programatu du, Tiritirantes konpainiarekin: Ulterior, un viaje al futuro, familiarteko ikuskizun ibiltari bat, kalejira ikusgarri bat, non hiru pertsonaia dibertigarri eta maitagarrik izaki zoragarri batzuk aurkeztuko dizkiguten. Istorioaren haria Copérnico maisua da, Pushpaka izeneko denboraren makina asmatu duen zientzialari zoro bat, makinari esker etorkizunera bidaiatzea lortuko duena.

19:00etan hasiko da ikuskizuna, Fermín Calbetón kalean, eta 20:30ean bukatuko da, Luis Mariano lorategietan.

Hondarribian, berriz, Erregeen postaria ibiliko da, etxeko txikien eskutitzak jasotzen. 18:00etan Mendelutik abiatu, eta Amuteraino joango da. Han, pixka batean geldituko da, eta, handik, Kosta auzora joko du. Txiplao biribilgunetik eta Minasoroeta kaletik pasatu, eta Damarri plazaraino iritsiko da. Handik, Santa Maria atean barrena, Kale Nagusirantz eta San Nikolas eta Juan Laborda kaleetarantz igoko da, eta Jabier Ugarte kalean biratu, eta San Kristobal biribilgunera eta San Pedro kalera iritsiko da. Zuloaga kaletik, San Kristobal biribilgunera itzuliko da. Irunen, Beren Maiestateen Morroiek hiriko umeen gutunak jasoko dituzte Irungo Udaletxean. Ordutegia: 16:00etatik 20:00etara.Txikiei ez ahal zaie ahaztuko eskutitza eramatea!!

Ostirala, urtarrilak 5: errege opila Irunen eta Erregeen desfileak

Beste urte batez, 12:00etatik 14:00etara bitartean, Arbelaiz gozotegiak prestatutako errege opil bat banatuko da, Luis Mariano lorategietan.

Dena dela, zalantzarik gabe, Erregeen desfilea izango da interes gehien piztuko duena. Irunen, Erregeak 18:00etan iritsiko dira hirira, tren geltokira, eta, handik, Zubi-Muxu plazatxora joango dira. 18:30ean abiatuko da desfilea. Hondarribia kalea eta Colón ibilbidea zeharkatu, eta San Juan plazan bukatuko da. Han, udaletxeko balkoira igoko dira Erregeak, haur guztiak agurtzera.

Hondarribian, berriz, 17:45ean abiatuko da desfilea, Mendelutik, eta, 18:15ean, Amutetik pasatuko da. 19:00 aldean, Kai Zaharrera iritsiko dira Erregeak, itsasontziz, eta Ermandadeko arkuraino joango dira, Domingo Egia kaletik. Ermandadeko leihotik, haur hondarribiarrak agurtuko dituzte. Gero, bide hau egingo dute: Matxin Artzu, San Pedro, Bernat Etxepare, Hiru Bide, Harresilanda eta Gernikako Arbola. Han, 20:45 aldean, Adorazioa izango da. Ondoren, Santa Mariako atetik Arma plazara igoko dira Erregeak, eta, han, San Gabriel egoitza bisitatuko dute.

Urtarrilak 7, igandea: ongintzazko kontzertua Irunen Taupadak orkestraren eskutik eta magia Hondarribian

Zazpigarren urtez, ongintzazko kontzertu bat emango du Taupadak Orkestra Sinfonikoak, 19:00etan, Amaia Kultur Zentroan, 10 euroan, San Ignacio de Moxoseko Musika Eskolari laguntzeko. Leticia Vergara irundar mezzosopranoa solista gisa arituko da, eta, besteak beste, Carmen operako bi aria interpretatuko ditu, baita Cinco canciones negras ere, Montsalvatgerena.

Magia atsegin baduzue, berriz, zorionekoak zuek, 18:00etatik aurrera Sun magoa Itsas Etxea Auditoriumean egongo baita familia osoarentzako ikuskizun bat ematen: Sueños mágicos. Magiako Espainiako saria du Sun magoak, eta ziur gaude handiak eta txikiak gozaraziko dituela. Sarrerak salgai daude dagoeneko, kutxasarrerak atarian, 4 euroan.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika