EMAKUMEEN OMENEZKO ALDI BATERAKO ERAKUSKETA PRESTATU DU OIASSO MUSEOAK

Api, 2018 Irun, Oiasso Museoa, emakumeak

Maiatzetik irailera, “Mulieres: emakume erromatarrak” erakusketa egingo dela Oiasso Erromatar Museoan jakinarazi du Irungo udaleko Kultura arloak. Meridako Erromatar Artearen Museo Nazionalaren eta zuzendari Trinidad Nogalesen laguntzari esker, Iruna datoz hango bildumako jatorrizko pieza hautatu garrantzitsu batzuk, erakusketa bikain bat aurkezteko.

Erakusketaren xedea da erromatar garaiko emakumeen unibertsoa ezagutzera ematea jendeari, Hispania erromatarreko Augusta Emerita hiri handiko (Merida, Badajoz) gune publiko eta pribatuen arteko elkarreraginaz baliatuz. Horretarako, erakusketan azpimarratzen da, Antzinate Klasikoan tradizionalki emakumeari esleitutako papera, amarena (“mater”) alegia; izan ere, hortik erromatar “matronaren" izena. Amatasunak baldintzatzen du emakumearen gainean erromatarrek duten ikuspegia, baina ez du mugatzen bere existentzia. Erakusketan argi geratzen da emakume erromatarrei esleitzen zaien rol horrek nola bultzatu zituen itxurarekiko kezka berezia –kosmetikaz, orrazkeraz eta janhzkeraz baliatuz-; izan ere, emakumeen onestasuna eta -ugalketarako beharrezkoak ziren gizonak erakartzeko- gaitasuna, biak emakumearen edertasunarekin lotzen zituen mundu klasikoak.

Hala ere, emakumeen idealizazio horrek ez zuen eragozten rol publikoak hartzea beraien gain. Rol horiek agertzen dira erakusketaren hiru esparrutan: esparru politikoan: familia inperialaren emakumeen irudiak hiri erromatarraren plazetan agertzeak adierazten zuen zein garrantzia zuten inperioak bizirik irauteko, eta horren arrazoia da agintarien ondorengotza eta legetasuna bermatzen zutela; lanaren esparruan: emakumeen lanik gabe, Erromak ezingo zuen bere inperioa mantendu 250.000 gizon armadan etengabe mantendu behar zuelako; eta erlijioaren esparruan: haien ustez, emakumeek duten izaera zintzoa eta inuzentea dela eta, beraiek ziren bitartekaritzarako biderik egokiena jainkoen eta gizakien arteko komunikaziorako.

Sarean lan egitea.

Erakusketa honekin, Oiasso Museoak jarraipena ematen dio beste museo batzuekin batera sarean egindako lan-programa garrantzitsu bati, Irunera kalitate handiko erakusketak ekartzeko, hain zuzen erromatar munduari buruz sakondu ahal izateko edo prehistoriaren eta historiaren beste garai batzuk ezagutzera emateko.

Oraingo honetan, Erroma berriro izango da protagonista estatuko panoramaren museo garrantzitsuenetako baten eskutik, alegia Meridako Erromatar Artearen Museo Nazionalaren aldetik.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika