ELKARRIZKETA MARÍA JOSÉ NOAIN FICAB ZINEMALDIKO ZUZENDARIARI

Aza, 2018 Irun, FICAB

Aurten, Bidasoko Nazioarteko Arkeologi Zinemaldia adinez nagusi bihurtuko da. Izan ere, Oiasso Erromatar Museoak, Irungo Udalarekin batera, 18 urte daramatza zinemaldia antolatzen, arkeologia gizarteari hurbildu eta ezagutzera emateko helburuarekin.

Azaroaren 19tik 24ra, nazioarteko pelikula ugari ikusi ahal izango ditugu Irungo Amaia kultur zentroan, ikerketa arkeologiko batzuen emaitza erakutsiko digutenak: Harri Aroan Norvegiako kostaldean nola bizi ziren ikusiko dugu, eta Pazko uharteak zer altxor gordetzen duen; eta, jakina, erromatarren eta egiptoarren iraganera ere hurbilduko gara.

Maria Jose Noain Oiasso Museoko jarduera-arduradun eta zinemaldiko zuzendariak azalduko digu ondoren zer prestatu duten 2018ko honetarako.

CBAk bazkalondoko saioak eskainiko ditu, Amaia Kultur Zentroko entzunaretoak arratsaldekoak,

Lehendabizi zorionak 18 urte bete dituzuelako arkeologia herritarrei ezagutzera emanez.

Eskerrik asko, zoriontzeagatik. Ez du ematen 18 urte igaro direnik Arkeolanetik antolatu zen lehenengo edizio hartatik, museoa sortu aurretik gainera. Pentsa ezazu, lehenengo zinemaldiak 5 dokumental eta 3 film proiektatu ziren; eta aurten, 37 proiektatuko ditugu. Zifra horrek dena azaltzen du.

90 zintatik gora jaso dituzue, baina 22 bakarrik ikusiko dira sail ofizialean.

Zifrak ikusita pentsa dezakezun bezala, oso zaila izan zen hautatzea, baina oso kalitate handiko programa izan da horren emaitza. Gaiak askotarikoak dira, aurrekoetan bezala, eta kronologia aldetik, Erdi Paleolitikotik II. Mundu Gerra artekoa da, ziurrenik edizio guztietatik aurkeztu dugun denbora tarte zabalena.

Kontatu iezaguzu zer izango dugun zinemaldiko egun hauetan

Dokumental batzuk minutu gutxiko film laburrak dira, eta beste batzuk, berriz, ordu eta erdiko film luzeak, protagonistak izango dituztenak galiarrak, Frantzian aurkitutako hobi zelta, Tutmosis III eta Pazko uhartea. Bidai lagun gisa agertuko dira Mexikoko Teotihucango aztarnategia, Santorini uhartea eta zibilizazio minoikoa, Kurdistango aztarnategi arkeologikoak eta iraganeko beste kultura batzuk. Bi film laburrentzako lekua ere badago, Kanaria Handiko Cueva Pintadak ekoiztuak, esperimentaltzat hartu ditzakegunak.

Hiru egoitzatan banatzen dira sail ofizialeko proiekzioak

Bai. CBAk bazkalondoko saioak eskainiko ditu, Amaia Kultur Zentroko entzunaretoak arratsaldekoak, eta Aquariumek, jardunaldi bakar batean, 3 proiekzio, Urpeko Arkeologiarekin zerikusia dutenak.

Sail ofizialaz gainera, hezkuntza-sail bat ere badu FICABek. Honetan, beste 14 zinta proiektatuko dira

Hezkuntza-sailak bereziki diseinatuta dago ikastetxeetarako, film horiek izaera didaktikoa eta dibulgaziozkoa baitute eskolako curriculumari lotu ahal zaizkiona neurri batean edo bestean. Eta ikastetxeak esaten dudanean, ohiko heziketa-ziklokoak ez ezik lanbide-heziketako zentroak ere aipatu nahi ditut, edo esperientziaren gelak eta, baita hizkuntza-eskolak ere, filmak jatorrizko bertsioan proiektatzen baitira.

Garrantzitsua da gogoratzea edizio honetan, lehen aldiz, hezkuntza-sailak bere saria izango duela, Orona Fundazioak emana. Orona saiaz gainera, dibulgazio zientifikoaren Arkeolan saria izango da, Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Ikusleen Saria. Bide batez, gogorarazi nahi dut ikusleen saria bertaratzen direnek bozkatzen dutela aretoetan jartzen ditugun kutxatiletan. Bozka eman eta pelikula gogokoena hautatu dezan animatzen dut jendea.

Hezkuntza-saileko proiekzioak itxiak dira ala edonor joan daiteke haietara?

Edonor joan daiteke. Eta behin eta berriro esatea gustatzen zaigu: saila ikastetxeetarako pentsatuta baldin badago ere, edonor joan daiteke dohainik eta aurretik abisatu gabe, beste edozein saiotan bezala. Zintek hezkuntza-balioak edukitzeak ez du esan nahi joera berezikoak direnik. Denek dute sail ofizialekoen kalitate eta interes berbera, eta guztiz gomendagarriak dira zinemaldiko ikus-entzuleentzat.

Nabarmendu ezazu gazteenek ikusi ahal izango duten filmetakoren bat

Zaila da horrelako gomendiorik egitea, baina bi telesaio nabarmendu nahi nituzke. Lehendabizi, “Arqueomanía”, TVE2 katean ematen den ekoizpena da, eta herrialdeko aztarnategi arkeologiko garrantzitsuenak ezagutzera ematen ditu, garaia edo tipologia edozein delarik ere, elkarrizketa interesgarriak eginez ikertzaileei eta indusketa berrienak ere erakutsiz. Bigarrenik, “Enquêtes archéologiques”; hori ere telesail bat da, frantsesa, eta exotikoa delako bereizten da: horrekin, Kretara, Perura eta Tanzaniara bidaiatuko dugu.

Donostiara aterako da FICAB, zehazki, Aquariumera. Han, hiru pelikula proiektatuko dira, urpeko gaikoak. Kontaiguzu zein egun eta ordutan izango den saio berezi hori

Azaroaren 23an, ostiralarekin, izango da, 19:00etan. Amaian ere proiekzioak izango dira orduan, baina espero dugu hori arazoa ez izatea, donostiarrentzat bereziki programatuta baitago. Eta, jakina, itsasoa maite dutenentzat, zeren, arkeologi zinemaldi batean gauden arren, itsasoa protagonista izango batia Aquariumeko saioan.

Gure zinemaldiaren ezaugarrietako bat da: proiekzio guztiak dohainik dira. Oraingoan, ez dago aitzakiarik zinera ez joateko!

Proiekzio guztiak dohainik dira, ala?

Bai, gure zinemaldiaren ezaugarrietako bat da: proiekzio guztiak dohainik dira. Oraingoan, ez dago aitzakiarik zinera ez joateko!

Aurretik izena eman beharra al dago zinemaldira joateko?

Inondik ere ez. Ikastetxeei eskatzen diegu bertaratzea baieztatzeko tokia dela eta, baina partikularrek proiekzio-aretoetara azaldu besterik ez dute egin behar.

Zergatik uste duzu ez dugula galdu behar aurtengo zinemaldia?

Esatea iragana ezagutzeak oraina ulertzeko eta geroa aurreikusteko balio duela esaldi topikoa da, behin eta berriz entzun izan duguna, baina egia da. Baino arkeologi zinemaldi honek benetan interesgarria duena da iragana modu ludikoan ematen dela ezagutzera. Pelikulak dokumentalak izateak ez du galarazten entretenigarriak, dinamikoak, atseginak izatea, eta guztiek dute kalitate zinematografiko argia. Arrazoi sotilago bat gehituko dut: udako oporrak urrunduta udazkenean sartuta gauden honetan, Bidasoko Nazioarteko Arkeologi Zinemaldia aukera ezin hobea da Peruko Andeetatik ibiltzeko, Mexikoko piramide batera igotzeko, Tanzaniako hondartzetatik paseatzeko, Kurdistan bezalako leku ahaztuak deskubritzeko, edo Erregeen Bailaran Egiptoko eguzkia gozatzeko.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika