EGUBERRIETAN BAIONARA

Abe, 2017 Baiona, Navidad, actividades, Noel,

Eguberriak heltzear dira, eta Zazpi Aldizkaritik plan bat proposatu nahi dizuegu, hemendik hurbil tarte dibertigarri bat pasatzeko familian: zoaz Baionara Eguberriak bizitzera. Aurten, berriz ere noria erraldoi bat jarriko dute hiriaren erdialdean; azoka txikiak izango dira kalean, aurpegiak margotzekoak, haurrentzako tailerrak, su artifizialak eta askotariko jarduera ugari asteburu bakoitzean.

Gehien gustatu zaiguna izan da gaika programatu dituztela asteburuak. Horrela, abenduaren 8tik 10era Elkartasunaren asteburua da; abenduaren 16 eta 17koa, asteburu Magikoa, eta abenduaren 23 eta 24koa, asteburu tradizionala. Baina, goazen zatika.

EZIN DITUZU GALDU... (JARDUERA NAGUSIAK)

1. NORIA ERRALDOIA: Noria erraldoian gozatu ahal izango duzu; Place de la Liberté plazan dago, abenduaren 1etik urtarrilaren 7ra bitarte. 11:00etatik 20:00etara ibiliko da noria. Helduentzako prezioa 4€ da; umeek, berriz, 3€ ordainduko dituzte bidaiako. Oharra: Eguberri egunean eta Urteberri egunean, 14:00etatik 20:00etara izango da ordutegia.

2. NOELEN AZOKA TXIKIA: Azoka txiki honetan, eguberrietako ohizko postuak aurkituko dituzu: gozokiak, opariak, artisautza,… 44 erakusketari izango dira Place du Réduit plazan, abendu osoan. Azoka txikia 11:00etatik 19:00etara egongo da irekita, igandetik ostiralera , eta larunbatetan, 11:00etatik 21:00etara. Azoka txikiaz gainera, leku berean, karrusel koloretsu bat eta eguberrietako pinu erraldoi bat (17 metro altu) gozatu ahal izango dituzu.

3. NOELEN JAIA (SAINT-ESPRIT AUZOA). Leku horretan, abenduko asteazken, larunbat eta igandeetan, haurrentzako hainbat tailer programatu dira. Gainera, abeletxe txiki pedagogiko bat egongo da; paseoak poneyan, aurpegiak margotzekoak… Alegia, ezinbestean etorri beharra daukazu, animaliak gustatzen zaizkien umeak baldin badituzu.

4. NOEL AITAREN ETXEA. Carreau des Halles kalean, Noel Aitaren etxea bisitatu ahal izango dute txikienek; abenduaren 2tik 24ra egongo da jarrita. Noel jaunaren etxea irekitzeko ordutegia: asteazken, larunbat eta igandeetan, 14:00etatik 19:00etara.

5. NOEL AITA ABENTURAZALEA. Abenduaren 10ean, 17:00etan, Noel Aita abenturazalea eta bere laguntzaileak rappel eginez jaitsiko dira Baionako katedraletik. Hurrengo igandean, abenduaren 17an, 15:30ean, Errobi ibaia zeharkatuko du Noel Aitak, soka batean orekak eginez. Ziur harrituko gaituela bere trebetasunarekin.


GAIKAKO ASTEBURUAK

Elkartasunaren asteburua: abenduaren 8tik 10era

Asteburu honetan, Elkartasuna izango da ardatza, eta Téléthon ospetsua egingo da. Agendan nabarmentzen da paperezko linterna-silueta bat, abenduaren 9an, larunbatean, 19:30ean, Roland-Barthez zabalgunetik. Linterna horietako bat irabazteko eta askatzeko, bertako merkataritzan kontsumitu beharko duzu. Atxikitako dendetan egiten duzun erosketa bakoitzeko, txartel bat emango dizute, paperezko linterna gutiziatuak lortzeko. 20:00etan, su artifizialak, Bastion Royale-tik.

Hurrengo egunean, igandean, abenduaren 10ean, 17:00etan, Noel Aita abenturazaleak eta bere laguntzaileak rappela eginez jaitsiko dira hiriko katedralaren goitik. Ezin duzu galdu!

2017ko abenduaren 16 eta 17a: Asteburu Magikoa

Larunbatean, abenduaren 16an, 11:00etatik aurrera, kale-desfile bat ikusi ahal izango dugu Lehoi Erregea protagonista nagusia duela. Desfilea 12:00ak aldera iritsiko da Place Jacques-Portes plazara. Arratsaldean, aurreko larunbatean bezala, linternak askatuko dira berriz ere, 19:30ean, eta su artifizialak izango dira 20:00etatik aurrera.

Igandean, abenduaren 17an, 15:30ean, berriz ere, Noel Aita eta bere laguntzaileak ahoa bete hortz utziko gaituzte Errobi ibaia soka gainean oreka eginez gurutzatzen dutenean, “Circo del Sol” estilo garbian.

2017ko abenduaren 23 eta 24a: Asteburu Tradizionala

Larunbatean, 23an, agendako “tradizionalena”, Olentzero iritsiko baita. Goizean, hiriko abesbatzek alaituko dituzte bere kantekin Baionako kaleak. Egun osoan, merkataritza jasangarriaren azoka txiki bat egongo da Pelletier kalean, eta eguberrietako ohizko kanten kontzertuak, Place de la Liberté plazan.

Munduko ikazkin ospetsuena 15:00etatik aurrera ikusi ahal izango da Baionan. Chaho kaian hasiko da desfilea, eta hiriko erdialdetik ibili ondoren Carreau des Halles kalean bukatuko da 17: 00etan.

Igandean, 24an, berriz ere hiriko abesbatzek girotuko dute egun osoa, eguberrietako kantekin.

Aparkalekua dohainik Baionan

Aparkatzea ez da aitzakia izango Eguberrietan Baionara ez joateko, zeren larunbatetan, igandeetan eta jai-egunetan dohainik aparkatu ahal izango baita kalean eta azalerako parkingetan 14:00etatik aurrera. Gainera, hiriko parking batzuek, gainerako egunetan, lehenengo orduan dohainik aparkatzeko aukera eskaintzen dute (De Gaulle eta Pedros parkingek izan ezik). Gainera, astelehenetik larunbatera, 07:30etik 19:30era, autobusak egongo dira dohainik, aparkaleku horiek eta hiriko erdialdea lotuko dituztenak.

Jakin nahi al duzu programa osoa? Sartu zaitez honako lotura honetan, eta deskargatu programa osoa.

Argazkiak: bayonne tourisme.com

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika