DOKUIRUN DOKUMENTAL ZIKLOA AMAIA KULTUR ZENTROAN

Ots, 2018 Irun, zinea, dokuzine, AmaiaKZ

"Dokuirun" du izena ekimenak, eta, haren barruan, ikus-entzunezko zortzi lan ere emango dira, doan, Amaia Kultur Zentroan. Guztira, zortzi emanaldi izango dira, Amaia KZn, eta bereizgarri nagusia da protagonistek gidatuko dituztela. Landuko diren gaiei dagokienez, berriz, hilabete honetan Fernando Larruquert zinemagileari buruz egitekoa den erakusketarekin lotutako hiru dokumental ikusteko aukera izango da ?datorren astean egingo den prentsaurreko batean aurkeztuko da erakusketa?; beste hiru lan itsasoaren ingurukoak izango dira; eta beste bat, elkartasun proiektu baten gainekoa. Azkenik, José María Zabalza irundar zinemagileari buruzko dokumental bat aurreestreinatuko da. Hona egutegia:

Egutegia

Otsailak 17: Arte al agua. Los bacaladeros de Terranova

Martxoak 2: Ama Lur, Larruquerti buruzko zikloaren barruan

Martxoak 8: Agur, Everest, Tximist espedizioak Everestera egindako bidaien gaineko dokumental bat, Larruquerti buruzko zikloaren barruan

Martxoak 16: Euskal Herri Musika, Larruquerti buruzko zikloaren barruan ?saioa hasteko, pilota munduari buruzko film labur bat emango da, Pelotari izenburukoa?

Apirilak 6: Baskavígin. La matanza de los balleneros vascos, 1615ean Islandian masakratu zituzten euskal baleazaleei buruzkoa

Apirilak 20: Director Z. El vendedor de ilusiones, José María Zabalza irundar zinemagileari buruzko dokumentalaren aurreestreinaldia

Maiatzak 4: El hombre que empezó a correr elkartasun proiektua

Maiatzak 18: Elkarrekin-Together, Albaolaren ikerketa ildoari jarraitzen dion dokumental bat, AEBetako kostaldean euskal arrantzaleen aztarnak aurkitzea duena helburu

Emanaldi guztiak dohainik

Emanaldi guztiak doakoak izango dira, baina gonbidapena beharko da sartzeko; hain zuzen ere, Turismo Bulegoan eta, sarrerarik gelditzen bada, emanaldiaren egunean bertan, ordubete lehenagotik, Amaia KZn eskuratu ahalko dira gonbidapenak. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, martxoaren 8an izan ezik; izan ere, "Zure abenturaren bila" programaren barrukoa denez gero, 19:30ean hasiko da egun horretako emanaldia.

Protagonistek aurkeztuko dituzte film guztiak: ekoizpenean parte hartu duten pertsonek (zuzendariek, ekoizleek eta abarrek), filmetan ateratzen direnek, gai bakoitzean adituak direnek? Horrela, emanaldien amaieran, solasaldi bat izango da.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika