Dena prest Olentzeroren eta Errege Magoen etorrerako

Abe, 2020

Aurtengo Gabon bereziei begira jarri da dagoeneko Irungo Udala. Olentzerok eta Errege Magoek dena prest dute hiria bisitatzeko. Halere, ez dute ohiko moduan egingo, egungo egoerak ez baitu baimentzen desfile eta ekitaldi handirik. Hala, ekitaldi estatikoak egitea erabaki dute, haur irundar guzti guztiek Olentzero, Mari Domingi eta hiru Errege Magoak aurrez aurre ikusi ditzaten.

Olentzero eta Mari Domingik hilaren 23an bisitatuko dute Amaia Kultur Zentroan. 12:00etaatik aurrera, haurrei begirako ekintzak egingo dituzte bertan, eta 16:00etan Olentzero helduko da, Betti Gotti elkartearen eskutik. Edukiera mugatua izango da, beraz, adi egon daitezela gurasoak. Esteka honetan eskuratu beharko dira sarrerak, asteartetik (hilak 15) aurrera.

Errege Magoak aldiz, urtarrilaren 4ean iritsiko dira Irunera. Ficoba erakustazokan jarriko dute euren txokoa, haurren bisitak jasotzeko. 3. pabiloian izango dira, karrozak eta guzti. 20 minutuko paseak eskainiko dituzte (urtarrilaren 4an 16:00etatik 19:40ra eta urtarrilaren 5ean 11:00etatik 19:40ra). Goiko esteka berean egin beharko dira izen emateak.

Eta Olentzerok zein Errege Magoek haurren eskutitzak jaso ditzaten, hiriko zenbait lekutan postontzi bereziak jarriko ditu udalak, hilaren 18tik aurrera hain zuzen ere. Olentzero zein Errege Magoen buzoiak Palmera Monteron, Mendibil merkatari gunean, Amaia KZn eta Euskal Herria etorbidean jarriko dituzte. Bien etorrera biribiltzeko, Youtube bidez solasaldia egingo dute haurrekin, hilaren 24an (20:30ean) eta urtarrilaren 5ean (20:30ean ere bai).

Era berean, dagoeneko Gabonetako ohiko azokako postuen jabeak jakinarazi ditu udalak. Ondorengoek izango dute dendatxoa Zabaltza plazan: Zinnia lore denda, Ekialde, Orlegi, Sonia

Ruiperez, El Baul De Las Ideas, The Museum Food & Drinks, K.E Albistur, Deperita fruta denda, Picking Pack, A Pedir de Boca, Sugar eta Sportjam Shop.

Gabonetako kanpainaren zein egitarauaren gaineko informazio gehiago, esteka honetan kontsulta daiteke.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika