Datorren urterako Hondarribiako Udalak 24'6 milioi euroko aurrekontua izango du

Abe, 2020

Gaur telematikoki burutu den Udalbatzak 24.646.860 euroko aurrekontua onartu du 2021erako, iaz baino % 9,88 gehiago. Hitzordua bost orduz luzatu da, EAJren 9 zinegotziek aurrekontuaren alde bozkatu dute, eta ABOTSANITZen 4k, PSEren 2k eta EH BILDUren 2k kontra. Hala, Hondarribiak urte naturalean onartu ditu hurrengo urterako aurrekontuak, azken 25 urte hauetan bezala, 1995 urteaz geroztik.

ABOTSANITZek aurrekontuaren osoko zuzenketa aurkeztu du, ABOTSANITZek alde bozkatu du, EAJk kontra, eta PSE eta EH BILDU abstenitu egin dira. Oposizioko hiru alderdiek aurkeztutako ia 140 zuzenketa partzialek EAJren aurkako botoa izan dute, eta ABOTSANITZ, PSE eta EH BILDUren aldekoa.

Txomin Sagarzazu alkateak Gobernu Taldeak aurkeztu duen aurrekontua zehaztu du. “Oso egoera berezian gaude. Jakin badakigu krisi garai honetan diru sarrerak jaitsi egingo direla, baina ia %10eko igoera proposatzen dugu. Egoera berezi honi modu berezian erantzun nahi diogu”.

Gure proposamena 4 gako estrategikotan egin dugu, hala nola Pertsonak eta Familiak 'Herritarrak ardatz' leloarekin, Hondarribiko ekonomia suspertzea eragile ekonomikoekin, Udalerria mugikortasun iraunkorrarekin, hirigintzarekin eta garapen jasangarriarekin, eta Udala, administrazioa eta herritarrentzako zerbitzua hobetzeko helburuarekin.

24.646.860 eurotatik, gastu sozialerako 8 milioi euro izango dira, aurrekontuaren % 32,4a. Bertan, Gizarte Zerbitzuak oro har eta Prebentzio Komunitarioa, Hezkuntza, Gazteria, Euskara eta Kultura jasotzen ditugu. Oso gogoan ditugu pertsonak eta familiak, eta herritarrak oro har, eta, batez ere, kontuan izan nahi dugu pertsona ahulenei ematen diegun laguntza, eta lehentasuna eman diegu COVID-19ren ondorioei erantzuteko neurriei.

Bigarren ardatza ekonomia suspertzea izango da. Hiriko ekonomia jasaten ari den egoera latz honetan, Hondarribiko Udalak 1,5 milioiko partida aurreikusi du abenduko aurrekontuan, eta zalantzarik gabe, martxoan egindako aurrekontuaren likidazioan hainbat partida berri kreditu-aldaketara eramango ditu. Hirugarren ardatza udalerriarena da, 6'5 milioirekin: hirigintza, etxebizitza, mugikortasuna, garapena eta ingurumena sartzen ditugu hemen.

Laugarren ardatza Udalarena eta herritarren segurtasunarena da. Guztira, 8,8 milioi euro; alde batetik, administrazioari dagokiona, 4,5 milioi euroko aurrekontua, eta, bestetik, segurtasunari dagokiona, 3,3 milioi euro.

Egoera politikoa

“Aurtengo negoziazio-prozesuaz ere bi hitz esan nahi nituzke” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak. Azaroaren 20an banatu genuen aurrekontu-proposamena. Zenbait saio egin ditugu gure gehiengoaz gain, beste udal taldeen babesa lortzeko urtero egiten dugun moduan, aurtengo egoerara egokitzeko ahalegina egin dugu, baina ez dirudi adostasunera iritsiko garenik.

“Paradojikoa dirudi: egoera bereziena izan dugun urtean, egoerak gehien eskatu digunean, ez dirudi aurreko urteetako adostasun-mailara iritsiko garenik. Demokraziaren kontuak edo politikaren kontuak direla esango luke baten batek. Halaxe izango da, nonbait. Gure irakurketa politikoaren arabera, pisu handiegia izan du azaroaren 25ean beste hiru udal taldeek egindako prentsaurrekoan agertutako jarrerak. Eta lotuta bezala ikusi ditugu zenbait zinegotzi negoziazio-saioetan, nolabait, gobernuaren proposamenarekin adostasunera iristeak baino axola handiagoa duelakoan ezezkoaren taldean kokatzeak. Pentsatzen jarrita, udalaz eta udalerriaz gaindiko beste diskurtso politiko batzuekin lerrokatuago ikusten dugu jarrera hori” amaitu du Sagarzazuk.

Oposizioaren erantzunak

ABOTSANITZ taldeak kontrako botoa eman dio aurrekontuari "bihotza falta" zaiola iritzita. “Aldebakarrez erabakitako aurrekontua da, bere horretan aurkezten zaigu eta alde bozkatzera edo ez bozkatzera behartzen gaituzte. Gobernu Taldeak ez du zuzenketetan proposatu ditugun hobekuntza guztiak onartzeko inolako imintziorik egin. 116 zuzenketa partzial eta osoko bat aurkezteko lan egin dugu, eta Gobernu Taldeak, bere gehiengoarekin, dena baztertu du".

PSE-EEk uko egin dio aurrekontuari, "ez dagoelako herritarrei itsatsita. Ez dugu borondaterik ikusten, eta uste dugu gobernu-taldea oso eroso bizi dela bere gehiengoarekin. Herritarrek adostasuna eskatzen digute, baina hau ez da inondik ere aurrekontu egokia. Aurrekontuetan proiektatzen diren gauza asko ez dira gauzatzen".

EH BILDUk aurkako botoa eman du ere. "Ausarta ez den aurrekontua da. Ez da batere parte-hartzailea, botoa ematera behartzen gaituzte, ekarpenik egiteko aukerarik gabe. Euskarak lehentasuna izan behar du Udalaren egunerokoan, eta uste dugu politika feminista egiteko modu bat jarri behar dela martxan, letra guztiekin. Autobidetik doan auto batean bezala ikusten dugu Gobernu Taldea, auto guztiak kontra dituela uste baitu, norabide okerrean doazenak eurak direla pentsatu gabe".

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika