CARMEN MAURAREN PINTURA MENCHU GAL ARETOAN

Ots, 2018 Irun, Carmen Maura, pintura, Sala Menchu Gal

"Lana/obra 1975-2017" Carmen Mauraren ibilbidea eta bilakaera artistikoa birpasatzen duen bilduma da, 60 lanetik gora biltzen duena. Aurkezten diren lanak 70. hamarkadatik hasi eta azken urteotako akuareletara doaz. Lanak bilduma partikularrek, hala nola Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak egin dituzten maileguetatik datoz, eta horiei familiak utzi dituenak gehitu behar zaizkie. Erakusketa honek, gainera, iaz abian jarri zen aretoaren filosofiari eusten dio, emakume artisten lana erakusteko asmoari, alegia.

Carmen Mauraren lana, zeinean erraz antzeman daitekeen errealismoak bere olio-lanetan duen nagusitasuna, erakusketa kolektibo eta banakako ugaritan izan da: Bilbo, Madril, Bartzelona edo Biarritz izan dira artistaren lanak hartu dituzten hirietako batzuk. Otsailaren 16tik aurrera Irungo Menchu Gal Erakusketa Aretoan egongo da ikusgai eta maiatzaren 6ra arte bisitatu ahalko da aretoaren ohiko ordutegian: ostiraletan eta larunbatetan, 18:00etatik 21:00etara; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era. Sarrera dohainik. Erakusketaren inaugurazioa ostiralean, hilaren 16an, izango da, 19:00etan.

Biografia laburra

Carmen Maura (Madril, 1945) Mallorcako Mauratarren familian jaioa; aitaren aldetiko aitona, Francisco Maura, margolaria eta marrazketako katedratikoa izan zen. Bartolomé Maura, aurreko horren anaia, Monetaren Etxeko grabatzailea izan zen. Bien anaia ere, Antonio Maura politikoa, margotze zalea izan zen, eta, gainera, arte-lanen bilduma handi-samarra ere osatu zuen. Madrilgo Eduardo Pena Akademian sartzeko prestatu ondoren, Arte Ederrak ikasi zituen San Fernandoko Goi Eskolan, 1964-69 bitartean, eta Antonio López eta María Calvet, Echauz, Alcorlo, Alegre, Fuentes, Gurruchaga, Mozos eta Zarco izan zituen irakasle.

1982an, Lizentziadun titulua baliozkotzea lortu zuen, bere aitona Francisco Maura Montaner margolariaren bizitza eta obrari buruzko azterlan bat eginda. Gero, Marrazketako irakaslea izan zen, Hondarribian zeukan estudioan eta Irungo Pinturako Udal Akademian.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika