BIDASOKO NAZIOARTEKO ZINEMALDI ARKEOLOGIKOREN 20 URTE

Aza, 2020

Atzera begirako erakusketa batek Zinemaldiaren hogei edizioak errepasatzen ditu. Erakustaretoaren edukiera mugatu da, eta horrelako kasuetarako ezarritako segurtasun neurriak bete beharko dira: maskara erabili derrigorrean, distantzia gorde, etab.

Oiasso Museoak "FICAB 20 urte" atzera begirako erakusketa sortu du, Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren hogeigarren urteurreneko jarduera berezien esparruan. Erakusketak Zinemaldiaren historia errepasatzen du, edizio bakoitzarekin lotutako gaien bitartez: hastapenak, sustatzaileak, lantaldea, sari nagusiaren irabazleak, epaimahaikideak, egoitzak, sailak...

Iraganari begiratzen dio erakusketak, urte hauetan guztietan egindako ikerketa eta pedagogia lana ezagutzeko, eta jaialdiaren antolaketarekin lotutako askotariko alderdiak ikusteko modu bat da. Azaroaren 22ra arte egongo da ikusgai, museoaren ohiko ordutegian, doan.

Erakusketaren barruan, Allekoaitzeko kobaundie filma ikusi ahalko da, David Soutok zuzendutako dokumentala. Jose Migel Barandiaranek eta Paco Etxeberriak 1970eko hamarkadan Aiako koba batean egindako ikerketa erakusten du, eta gogoratzen du nola itzuli ziren 2018an Paco Etxeberria eta bere lantaldea haitzulora indusketa arkeologikoak jarraitzera. Errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz ikusteko emango da, ikus-entzuleak dokumentalean murgiltzeko, eta, segurtasun arrazoiak direla-eta, Museoko langileek lagunduta eta aldez aurretik erreserbatuta ikusi ahalko da; erreserba egiteko, info-oiassomuseo@irun.org helbidera idatzi edo 943639353 zenbakira deitu beharko da.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika