Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak, mugaz gaindiko pasabidea inguruko errealitate sozioekonomikora egokitzeko eskatu die agintariei

Ira, 2020

Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek idatzi bat bidali diete agintari eskudunei Bidasoa-Txingudiko salbuespenezko egoera azaltzeko eta araudia eta malgutze-neurriak egokitzea eskatzeko.

Jose Antonio Santano, Txomin Sagarzazu eta Kotte Ecenarro alkateek idazki bat sinatu dute. Bertan presaz eskatu diete Espainiako eta Frantziako agintariei araudia eta malgutze-neurriak hiru hirien arteko errealitate ekonomiko-sozialera egokitzeko. Zehazki, eskatzen dute, egoiliarrei, mugaz haraindiko langileei eta ezinbesteko kausak edo premia-egoerak dokumentu bidez egiaztatzen dituztenei ez ezik, eguneroko bizitzan mugaren bi aldeetan jarduerak egiten dituzten biztanleei ere utz diezaietela pasatzen.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariari, Éric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetari, Herve Jonathan Baionako suprefetari eta Jean-Yves le Drian eta Christophe Castaner Frantziako Europako eta Kanpo Arazoetako eta Barne Arazoetako ministroei, hurrenez hurren, zuzendutako dokumentuan hiru udalek azaldu dutenez, "Bidasoa Txingudi ia 100.000 biztanleko erkidegoa da, eta mugaz gaindiko harremana haren funtsezko osagaia da. Hendaiako biztanleriaren heren bat espainiar nazionalitatea du, eta mugaz gaindiko fluxu handia sortzen du egunero, bai laneko arrazoiengatik, bai familia- eta gizarte-arrazoiengatik. Nouvelle Aquitaine Euskadi Navarra Euroeskualdeak 2018an egindako diagnostikoaren arabera, mugaz gaindiko langileak 3.863 dira".

Nazio-mailako egungo araudiari dagokionez, bai Frantzian, bai Espainian, honako hau nabarmentzen da idazkian: "Barne-mugikortasuna arautzen du, eta, neurri batean, herrialdeen arteko mugikortasuna, baina ez ditu kontuan hartzen mugaz gaindiko lurralde baten berezitasunak, Bidasoa Txingudi, esaterako, unitate geografiko, ekonomiko eta soziala baita".

Izan ere, Espainian eta, zehazki, Euskadin, lurralde historikoen barruan eta hainbat lurraldetako udalerri mugakideen artean mugitzea baimentzen da. Hala ere, Hendaia, Irun eta Hondarribia arteko mugikortasuna mugatuta dago, eta bi herrialdeen arteko mugan kontrol zorrotzak egin behar dira.

Bestalde, Frantzian, deseskalatzeko planak 100km-ko erradioan edo departamentu beraren barruan lekualdatzeko aukera ematen du, edo justifikazio-agiri batekin muga hori gainditu daiteke, baina soilik Frantziako lurraldean. Hendaiako, Irungo eta Hondarribiko mugako hirien artean ez dago joan-etorririk, arrazoi profesionalengatik edo ezinbesteko arrazoiengatik ez bada, eta justifikazio-agiriarekin.

Hiru hirietako mugaz gaindiko biztanleei modu garrantzitsuan eragiten dien gertakari bat da, eta bereziki zailtzen ditu eguneroko bizitzako hainbat alderdi, hala nola familien antolaketa edo mugaren alde batean eta bestean bizi diren senideei egindako bisitak. Adibidez, Hendaiako adineko pertsonen kasuak daude, Irungo edo Hondarribiko egoitzetan daudenak eta senideek bisitatu ezin dituztenak.

Idatzian azaltzen denez, Bidasoako Ospitaleak Hendaiako osasun-larrialdiak artatzen ditu eta mugaren bi aldeetako enpresen arteko zerbitzuak askotarikoak dira. Egungo araudiak, halaber, hainbat gestiori eragiten die, adibidez, banku-gestioei.

Hiru udalerriak birusaren eraginari dagokionez egoera onean daudenez, udalek premiaz eskatu dute bi herrialdeetako agintariek mugaz gaindiko eremu horren egoera partikularra kontuan har dezaten, batasun geografikoa, ekonomikoa eta soziala osatzen baitu, malgutasun-neurriak eta araudia errealitate horretara egokituz eta normaltasun berrirako trantsizioa ezohiko errealitate horretara erraztuz.

Era berean, eskaria ibai-trafikoari ere luzatzen zaio, Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen itsasontzi zerbitzua martxan jartzeko eskatuz, Bidasoa ibaiaren bokalean.

Hori guztia, jakina, COVID-19k eragindako egoera gainditzeko segurtasun-neurriak alde batera utzi gabe, betiere osasun-egoerek horretarako aukera ematen badute.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika