ASKOTARIKO ESTILOAK, EMANALDI ESKLUSIBOAK ETA USTEKABEKO MUSIKALEN BAT 2018ko HONDARRIBIKO BLUESALDIAN

Eka, 2018 Hondarribia, Blues Festival, conciertos

Hondarribiko Bluesaldiak gaur goizean aurkeztu du hamahirugarren edizioko egitarau ofiziala, uztailaren 12tik 15era (biak barne) Txingudiko badiaren bazterrean luzatuko dena. Guztira, hamahiru talde eta hogeitik gora bakarlari ariko dira jaialdiko agertokietan, eta nabarmentzekoa da emanaldi guztiak doakoak izatea.

Europan barrena egiten ari den biran, Canned Heatek Hondarribian eskainiko du Espainian egingo duen kontzertu bakarra. Musikaren historian disko gehien saldu dituen blues banda hau, Woodstockeko eta Montereyko jaialdi mitikoetan egin zituzten agerraldiei esker askok oraindik gogoan duten talde hau, musikari beteranoekin osatuta dago (lauek dituzte 70 urte baino gehiago), urteak eta urteak daramatzate arrakastak pilatzen, eta zehazki aukeratzen dituzte beren emanaldien xedeko hiriak. Lehenengo jardunaldian, uztailaren 12an, gauerditik aurrera izango ditugu ikusgai eta entzungai.

Era berean, esklusiboa izango da Golden State Lone Star Review taldearen kontzertua: Texasko eta Kaliforniako musikariek osatutako all star bat da, taldeburua Mark Hummel (Grammy saria jasotzeko izendatua). Mendebaldeko kostaldeko blues jatorrena ordezkatzen dute, eta Europan barrena egiten ari diren biran Hondarribia aukeratu dute Estatuan jotzeko hiri bakar. Ostiralean, hilak 13an, izango ditugu Bentako agertokian.

Musika talde errepikatu ezina

Eta aurten, Hondarribian, lehen mailako artista talde baten eskutik, berariaz bildu baitira musikari horiek jaialdi honi begira Chigaco All Stars izenpean, bi une gogoangarri eta errepikatu ezin biziko dira. Chicagoko blues munduko musikari aipagarrienekin dago osatuta talde hori: Jimmy Burns, Kimberly “Hot Sauce” Johnson, bluesaldian ezagutu ditugun Bob Stroger eta Kenny “Beedee Eyes” Smith, Billy Flynn, Omar Coleman, eta Piano Willie. Lehen mailako izar sorta horrek bi emanaldi eskainiko ditu: larunbat gauean agertoki nagusian, eta igandean ohiko herri paella bazkariaren ostean, orduan gozatu ahal izango dugu gertu-gertutik horiekin guztiekin.

Blues europarra eta euskalduna

Era berean azpimarratu egin da jaialdiak aurten blues europarraren alde egindako apustua, guztira bost talde etorriko baitira Europatik gurera: Awek frantsesak, Bayou Moonshiners italiarrak, JT Lauritsen beterano norvegiarrak, Ray Gelato britainiarra eta bere banda, eta The Ragtime Rumors holandarrak. Azkenik, europar eta estatubatuar musikariekin osatutako Tía Carroll & Mingo Coloma taldea izango dugu, Espainiako blues arloko hiru musikari miretsienetakoak biltzen dituena, Mingo Balaguer, Lluis Coloma eta Francisco Simón, gehi Tía Carrollen ahots entzutetsua, Estatu Batuetako mendebaldeko Kostaldeko izarra.

Hondarribiko Bluesaldiak, urtero, bertako taldeei ere aukera bat ematea du xede, eta aurtengoan Euskadiko hiru talde izango ditugu: Noa Volldamn & The Hell Drinkers laukotea (Ainhoa Eguiguren donostiar abeslari ezagunarekin), Still River (Bilbo) taldeko bost musikari grinatsuak, eta soilik musika tresna akustikoekin osatutako Ghost Number & His Tipsy Gypsies banda. 

Bi kontzertu pedagogiko

Betiko eskemari eutsita, lau agertokitan banatu dira kontzertuak eta emanaldiak: nagusia Bentan egongo da, beste bat Portu auzoko San Pedro kalean, beste bat Arma plazako ingurune paregabean, hiri harresituaren bihotzean, eta laugarrena, guztietan esklusiboena, bentako Blues Villagen; azken horretan izango dira herri bazkariak eta itxiera ekitaldiko jam session betiere ongi aukeratuak eta zirraragarriak.

Berrikuntza gisa, aurten bat ez baizik eta bi kontzertu pedagogiko eskainiko dira ostiral goizean, hilak 13an, izan ere, bigarren saio bat eskaini behar izan dugu hitzordu honek txikienen artean duen eskaera handia kontuan hartuta. Itsas Etxeko eserleku kopurua mugatua izanik, txiki musikazale asko eta asko gelditzen ziren sartu ezinik, eta horregatik erabaki du antolakuntzak aurten bi saio eskaintzea, 10:00etan bata eta 11:30etan bestea.

Jazzaz blaituriko hileta

Banda guztien ezin ukatuzko kalitatea zalantzan jarri gabe, aurten ustekabeko berezi bat izango da jaialdian, New Orleans Jazz Funeral du izena. Hiri hori bakarra da munduan arrazoi askorengatik: musika estiloen hazitegia, kultur aniztasuna eta tradizioak ditu bereizgarrietako batzuk. Eta ohitura bitxienetako bat dute hileta moldea. Banda honek ikuskizun jator, berezi eta guztiz harrigarria eskainiko du: jazzaz blaituriko hileta segizioa.

Igandean, hilak 15ean, 19:00etan, hobe izango dugu San Pedro kalean egingo den segizioa galtzen ez badugu. XIX. mendeko lehen urteetakoa da Hileta Jazza, beltzek, esklaboak izan ala ez, zenduari ehorzketa duina emateko xedean, indarrak eta zeuzkaten baliabide urriak biltzen zituzten garaikoa. Joatekoan lasai ibiltzen dira, bandak interpretatzen duen hileta martxaren erritmo geldoan. Behin zenduari lur eman eta gero, turuta bidezko dei batek adierazten die bertaratuei erritmo aldaketa.

Orduan, zenduak izandako bizitza ospatzen dute segizioko pertsonek, eta gogotik egiten dute dantza haren arima askatzen laguntzeko, attrezzo guztia agerian jarriz, zapiak eta haizemaileak astinduz eta aldean eramaten dituzten koloretako eguzkitakoak biraraziz.

2018ko Hondarribia Blues Saria

Oraingo honetan bikoitza izango da Hondarribia Blues saria, eta oraindik ere Canned Heat taldean ari diren jatorrizko bi musikari emango zaie, New Yorkeko Larry Taylor baxu jotzaileari eta jatorri mexikarreko Adolfo “Fito” de la Parra bateria jotzaileari. Biek sortu zuten, beste musikari batzuekin batean, blues band arrakastatsu hau, 1967an, eta biak izango ditugu Bentako agertoki nagusian, zale guztien aurrean, bluesaren munduan ibilbide luze bezain oparoa saritzeko Bluesaldiak sinbolikoki ematen duen txapela brodatua buruan janzten.

Gogoraraziko dugu sari hau lehen mailako artistek ere jaso dutela, horien artean aipagarri John Mayall, Eric Burdon, Pinetop Perkins, Taj Mahal, Johnny Winter, Bob Stroger, James Cotton eta Hubert Sumlin.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika