Argia eginen da berriz Variétés zinemagelan

Eka, 2020

“Les Variétés” zinemagelak ateak berriz zabalduko ditu ekainaren 22an

Talde osoa zoratzen da berriz ere proiektorea piztu eta zuek topatzeko aukerarekin, hiru hilabete hauek luze egin baitzaizkigu zuek gabe.

Variétés-saioa ongi baino hobeki joan dakizuen behar diren osasun neurri guztiak eman ditugu plantan:

Zinema atarian maska jantzirik izan behar da,

Zinemagelara sar daitekeen jende kopurua murriztu dugu (jende talde bakoitzaren artean bi jarleku hutsik utzi beharko dira),

Gel hidroalkoholikoa ukanen duzue eskura.

Berriz ekiteko aldi honetan, ekainaren 22an, 20:30etik goiti, besta giroko arratsa proposatzen dizuegu, bai eta geroko mundura begira ere dena, The great green wall dokumental ederrarekin, Afrikako 8000 km baino gehiago berriz zuhaitzez landatzeko proiektu handia azalduko digularik. Inna Modja artistarekin zeharkatuko dugu, musikaz lagundurik, lur idor hori.

Gurean, tokiko Tamala taldea, Mendebal Afrikako musiken enbaxadoreak luzatuko digu bidaia proiekzioa bururatu ondoren ere, Variétés-en taulagainean.

Kasu, leku kopuru mugatua da eta honako helbide honetan egin ezazue erreserba: lesvarietes@hendaye.com

Programa horrekin historia bere obrekin seinalatu dituztenak omenduko ditugu: Radioactive, Le cas Richard Jewell, De Gaulle, Femmes d’Argentine; indarkeriaren aitzinean, pobreziaren aitzinean… ditugun jokamoldeak aztertuko ditugu ere Cancion sin nombre zorrotzarekin eta La communion indartsuarekin.

Horrez gain, argi genuen hetsialdira eraman gintuen berria baino lehen afixan denbora llabur-llaburrez izan ziren filmak berriz programatu behar genituela. Emaztea bere berezitasun osoan omenduko dugu umorea falta ez duten honako hiru filmen inguruan: Un divan à Tunis, Filles de joie eta La bonne épouse.

Laster-laster arte!

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika