Abenida zubiaren eskudelaren zati batzuk zozketatuko dira herritarren artean

Urr, 2020

Ostiraletik aurrera (hilak 16), interesa duten guztiek udal webgunearen bidez eta Irun Txartelaren bidez egin ahal izango dute ekimenean parte hartzeko eskabidea. Zubia berritzeko lanetan ordezkatu diren ehun pieza inguru dira.

Monica Martinez eta Cristina Laborda Herritarren Partaidetzako eta Obretako ordezkariek ostegun honetan jakitera eman dutenez, zubia berritu bitartean ordezkatu zituzten Abenida zubiko eskudelaren zatiak herritarren esku utziko dituzte.

Cristina Labordak azaldu duenez, "Jatorrizko zati batzuk mantendu ahal izan dira obren proiektuan, baina beste batzuk, beren egoeragatik, erreplikekin ordeztu dira, pasatzen diren pertsonen segurtasuna bermatzeko. Badakigu baranda honek herritar askorentzat oso erakargarria dela, eta, horregatik, Irungo herriak berak baino helmuga hobea du pieza hauentzat ".

Esleitzeko prozesu hau datorren ostiralean, urriaren 16an, irekiko da eta hilaren 29ra arte egongo da zabalik, udal webgunearen bidez, Irun Txartelarekin, egoitza elektronikoan. 65 modulu edo eskudel zati inguru daude (113X99 cm eta 67 kilo), eta beste 65 elementu apaingarri (100X82 cm eta 25 kilo). Tarte batzuk baino eskaera gehiago badaude, zozketa egingo da.

Parte hartzeko irizpideak eta baldintzak ezartzen dituzten oinarrien bidez egituratzen da prozesua (www.irun.org udal webgunean dago eskuragarri). Adierazi behar da partikularrek zein ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduek egin ahal izango dutela eskaera. Kasu bakoitzerako, aukeratu egin beharko da elementu apaingarri bate do eskudelaren zati bat aukeratu nahi den, edo biak; azken kasu horretan, aurreko bi aukeren arteko lehentasuna zehaztu beharko da. Izapide espezifiko bat eskainiko da ostalaritzako establezimenduentzat eta saltokientzat, eta eskatzaileak establezimendu horretako ordezkari izan beharko du Udalaren aurrean.

Mónica Martínez Herritarren Partaidetzako ordezkariak, bere aldetik, "Irundarrak partaide egin nahi dituen ekimen oso berezia" dela azpimarratu du. "Azken batean, Irungo historiaren elementuak dira, eta pentsatzen dugu, era horretan, memoria ariketa bat ere egiten dugula, azken mendean hiriak bizi izan zituen gertaera nabarmenenen lekuko izan den zubi bati lotuta".

Esleitutako objektuak egoera berean entregatuko dira, desmuntatzearen eta ondoren moduluetan zatitzeko lanaren ondorioz sortutako moduan. Ebaketa-eremuei gutxieneko segurtasun-tratamendu bat eman behar zaie, besterik ez; zerbait faltatu ahal da, zatiak herdoilduta edo hondatuta egon daitezke. Elementu bakarra esleituko da (eskudela edo apaingarri tartea) pertsona fisiko bakoitzeko eta ostalaritzako/merkataritzako establezimendu bakoitzeko, eta esleipendunek oinarrietan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Zozketa independenteetan parte hartu ahal izango dute eskaera egiten den egunean Irunen erroldatuta dauden pertsonek eta fisikoki Irunen dauden ostalaritzako/merkataritzako establezimenduek. Pertsona fisikoentzat, ehun pieza inguru daude; ostalaritzako/merkataritzako establezimenduentzat, berriz, barandaren 5 zati eta 5 elementu apaingarri gordetzen dira. Baliozkotutako eskabide guztiei hasiera batean erantzun ondoren, bi elementu mota horietako edozeinetako unitateak soberan badaude, bigarren fase edo prozesu bat irekiko da, eta gaur egun egoitza Irunen izan ez baina gure hirian jaio diren pertsonei eskaera egiteko aukera emango zaie.

Informazio gehiago udalaren webgunean edo 010 telefonora deituz.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika