800 IRUNDARRETIK GORA IZANGO DIRA ETORBIDEAREN ZUBIKO JATORRIZKO BARANDAREN ZATIEN ZOZKETAN

Aza, 2020

Azaroaren 12an, ostegunarekin, 13:00etan, izango da zozketa, eta online ikusi ahal izango da Irungo Udalaren YouTube kanalaren bidez. Moduluak eta elementu apaingarriak banatuko dira; guztira, 155 zati.

Etorbidearen zubia berritu berri delarik, jatorrizko barandaren zati batzuk aldatu egin ziren, hondatuta zeudelako; ondoen zainduta zeudenak utzi zituzten. Kendutako piezak, urriaren erdialdera jendaurrean jakinarazi zen bezala, Irungo herriaren eskura jarri ziren, eta esleitzeko prozesuan parte hartzea eskatzeko epea itxi ondoren, 846 lagun interesatu dira ekimen honekin.

Hala aurreikusita zegoen, eta zeuden zatiak baino eskaera gehiago jaso ziren; eta horregatik, zozketa bat egingo da azaroaren 12an, 13:00etan.Online jarraitu ahal izango da, Irungo Udalaren YouTube kanalaren bidez, udalaren www.irun.org webetik.

Esleitzeko prozesuan aurreikusia zegoen partikularrek eta ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduek egingo zituztela eskaerak. Azkeneko kategoria horretan bi eskaera bakarrik daude, eta sektorerako unitate gehiago gorde zirenez gero, zuzenean emango zaizkie. Beraz, zozketan, gainerako 844 lagunak sartuko dira, eta 155 pieza zozkatuko dira: 55 modulu 113x99 cm eta 67 kilokoak eta 100 elementu apaingarri 100x82 cm eta 25 kilokoak.

Izena eman dutenek SMS bat jasoko dute, eta e-mail bat, zozketan eman zaien zenbakiarekin, eta adieraziz zozketa zein egunetan eta ordutan izango den eta online ikusteko aukera izango dela. Zozketa bakarra egingo da. Prozedura informatiko baten bidez, zenbaki aleatorio bat lortuko da 1 eta 844 artean, eta hortik aurrera esleituko dira zozkatzen diren 155 elementuak, pertsona bakoitzak bere eskaeran adierazitako lehentasunaren arabera.

Mónica Martínez Herritarren Partaidetzako ordezkariak azpimarratu duenez, “jende askok parte hartu du hain ekimen paregabe eta berezi honetan. Etorbidearen zubia gure hiriaren historia da, eta pentsatzen dugu horrela, pieza hauek Irungo herriari emanez, memoria-ariketa bat ere egiten dugula hiriak azkeneko mendean zehar bizi izan zituen gertaera garrantzitsuenen lekukoa izan den zubi bati loturik".

Desmuntatu eta modulutan zatitzeko lanaren ondoren geratu diren egoeran emango dira esleitutako objektuak, segurtasun-tratamendu gutxieneko bat emanda mozketa- lekuetan, eta, beraz, akatsak edo herdoila eduki dezakete, edo hondatuta egon.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika