2.595.000 euroko dirulaguntzak emango ditu Udalak COVID-19aren krisiari aurre egiteko herrian

Api, 2020

Hondarribiko Udalak COVID-19aren krisiak sortutako osasun eta ekonomia egoerari erantzuteko zenbait neurri hartu ditu, epe laburrera eta ertainera begira. Hala, pertsona eta familiei begira laguntza lerro bat bideratuko da, eta beste bat enpresa eta jarduerei begira. Azkenik, epe ertainera bertako ekonomia suspertzeko lehen ekimenak abian jartzeko hirugarren lerro bat abian jarriko da. Hala eman du aditzera Txomin Sagarzazu Alkateak.

“Lehenik eta behin, argi utzi nahi dut Hondarribiko Udalak erantzun egin diela lehen unetik egon diren oinarrizko beharrak asetzeko eskari guztiei. Krisia sortu zen lehen unetik buru-belarri aritu gara erabakiak hartzen, batez ere pertsonen beharrei erantzuteko. Horren adibide Gizarte Larrialdi Laguntzetarako ordainketak lehenbailehen egitea, tasa eta zergen kobraketa atzeratzea, Kiroldegiko kuotak ez kobratzea eta beste zenbait” dio Txomin Sagarzazuk.

“Hondarribiar asko bizitzen ari diren egoera latza dela jakitun gara. Hori dela eta, pertsona eta familiei zuzendutako lehen laguntza lerroa abian jarriko dugu. Aurtengo aurrekontuan aurreikusia genuen 550.000 euroko partida bikoiztu egingo dugu, eta 1.100.000 euro bideratuko dira beharrean dauden Hondarribiko pertsona eta familientzat. Oinarrizko beharrak ordaintzeko izango dira: hipoteka, alokairua, energia gastuak, janaria, formakuntza…” gehitu du Sagarzazu Alkateak.

1000 euro jarduera bakoitzeko

Bigarren laguntza lerroa Hondarribiko enpresa eta jarduera ekonomikoei dagokie. “Hiriko enpresak bizitzen ari diren egoera zein den jakitun gara, eta Hiriko ehun ekonomikoa indartzeko laguntza lerro bat sortuko dugu. Helburua Larrialdi Egoera honetan negozioei sortu zaizkien arazoei aurre egiten laguntzea da, bai itxi behar izan dutelako edota fakturazioak nabarmen behera egin duelako”.

“Hala, negozioa itxita mantendu behar izan duten negozioei 1000 euroko laguntza emango diegu. Hondarribian 1115 enpresa erroldatuak dauzkagunez, 1.115.000 euroko partida aurreikusten da honetarako. Laguntza honekin ordainduko diren kontzeptuak maileguak, alokairua, hornidurak, gizarte segurantza, soldatak… izango lirateke. Datozen egunetan emango ditugu xehetasun gehiago zer eta nola eskatu daitezken laguntzak”.

300.000 euroko erosketa bonoak herrian gastatzeko

Epe ertainera begira, Udalak ekonomia suspertzeko helburuarekin zenbait neurri hartu ditu. “Horietako bat, erosketa bonoak egitea da Hondarribian erosteko. Hartzaileak familiak eta bertako merkatariak dira, eta 20 euroko 15.000 bono egingo dira, erabiltzaileak erosten dituen 10 euroko Udalak beste 20 jarriko ditu. Hondarribiko ekonomia suspertzea da helburua, bai merkatariei eta familiei lagunduko dielarik 300.000 euroko aurrekontuarekin” esan du Txomin Sagarzazuk.

“Azkenik, egoera ahal den neurrian berera bueltatzen denerako eta baldintzek ahalbidetzen duten neurrian, Hiria girotzeko kanpaina eta ekimenak egingo dira, 50.000 euroko aurrekontua jarri dugularik. Horrekin batera, Hondarribiko hiria posizionatzeko eta sustatzeko beste kanpaina baterako 30.000 euro jarri ditugu”.

“Azken aste honetan hirutan elkartu naiz beste udal taldetako bozeramaileekin, eta proposamena alderdi guztien lanketarekin adostu da. Eskertu egin nahi dut oposizioko alderdiek izan duten jarrera neurri hauek guztiak aurrera atera daitezen eta krisiaren lehenengo unetik astean bitan elkarrekin ari garela ere gogorarazi nahi dut. Orain udal antolamendua moldatzen ari gara neurri urgenteei ahalik eta hobekien erantzuteko” amaitu du Sagarzazuk.

Argazkia: Foto de Mano creado por jcomp - www.freepik.es

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika