2.179 IRUNDARREK HIZKUNTZA-OHITURAK ALDATZEARI EKIN DIOTE

Aza, 2020

Hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala proposatu du Euskaraldiak, bigarrenez. Azaroaren 20an hasi zen ariketa, eta datorren abenduaren 4ra arte luzatuko da, eta Irunen ere utziko du arrastoa. Izen-ematea itxita, denera, 2.179 norbanako eta 93 entitate aktibatu ditu bigarren edizioak.

Ahobiziak gehiengoa

Lehen edizioan bezalaxe, norbanakoen hizkuntza-ohiturak astintzea izan du helburu bigarren Euskaraldiak ere. Norbanakoek azaroaren 24ra arte izan dute aukera ‘Ahobizi’ edo ‘Belarriprest’ rolaren artean hautatu, eta izena emateko; denera, 2.179 irundar izan dira Euskaraldia ariketa sozialean parte hartzeko hautua egin dutenak. Horietatik, ‘Ahobizi’ rola hartu du gehiengoak: 1.679 irundarrek euskara ulertzen dutenei uneoro euskaraz egiteko hautua egin dute, partaideen % 77ak. 500 lagunek (partaideen % 23), aldiz, Belarriprest rola hartu dute, hau da, euskara dakienak hari euskaraz egitea nahi du uneoro.

Ia 400 Arigune

Aurtengo edizioan, norbanakoak ez ezik, taldeak ere ari dira ariketa egiten, horretarako sortutako Ariguneetan. Irunen 93 entitatek eman dute izena, eta ia 400 Arigune sortu dituzte, barne-ariguneak (taldearen barnean) nahiz kanpo-ariguneak (herritarrekin harremanean).

Egitarau berezia abenduaren 5era arte

Euskaraldian zehar, eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, egitarau berezia antolatu du Irungo Udalak. Ondorengoak dira datozen egunetan egingo direnak:

• Azaroak 28, larunbata: MARI ERRAUSKIN antzerkia. Glu Glu. Arratsaldeko 17:00etan, Amaia KZren areto nagusian (familientzako ikuskizuna).

• Azaroak 28, larunbata: KANTUJIRA*, Bentazaharreko mutiko alaiak. Arratsaldeko 18:00etan, Kontserbatorioko ekitaldi aretoan.

• Azaroak 29: ZALDI URDINA antzerkia. Axut!, Artedrama eta Dejabu. Arratsaldeko 19:00etan, Amaia KZ Areto Nagusian (14 urtetik gorakoentzat).

• Abenduak 1: ZOAZ PAKE SANTUAN antzerkia. Txalo Produkzioak. Arratsaldeko 19:00etan, Amaia KZ Areto Nagusian (16 urtetik gorakoentzat).

• Abenduak 3: ...NAHI DUGU HITZ ETA JOLAS bertso-saioa. Lanku. Arratsaldeko 19:00etan, Amaia KZ Areto Nagusian (16 urtetik gorakoentzat).

• Abenduak 5: LABURBIRA* Euskarazko film laburren XVII. Zirkuitoa. Topagunea Arratsaldeko 19:00etan, Amaia KZ Hitzaldi Aretoan. Bukatutakoan Yolanda Mazkiaran zuzendariarekin solasaldia (16 urtetik gorakoentzat).

Sarrerak Turismo Bulegoan edo https://amaiakz.sacatuentrada.es/ web-orrian; doan dira, ‘Mari Errauskin’ antzerkikoak izan ezik. Kantujiran eta Laburbiran izena emateko: euskara@irun.org.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika