2018KO HONDARRIBIKO JAIETAN IKUSIKO DITUGUN KONTZERTU ETA IKUSKIZUNAK

Ira, 2018 Hondarriiba, Festak, Kontzertuak,

2018ko Hondarribiko Jaietako programa aurkeztu ondoren, begiradatxo bat eman diegu datozen egunetan ikusi ahal izango ditugun kontzertu eta ikuskizunei. Aurretik esaten dizuegu rock, rap, euskal musika tradizionala eta mariatxiak ere entzun ahal izango ditugula; eta, gainera, aurten bakarrizketak sartu dira jaiei amaiera emateko; kasu honetan Leo Harlem umoristaren eskutik… Denetik dago, jende ororentzat. Ondoren, informazio guztia datatan multzokatuta.


Irailak 6, osteguna: GLAUKOMA + DJ TXANKLETA/VJ ANISAKIS

Hondarribian kantinerak aurkeztuko diren gauean, Bentan, 00:00tik aurrera, GLAUKOMA rock taldearen eta TXANKLETA/VJ ANISAKIS DJen kontzertua.

Rock gutxiago nahi baduzu eta “betiko” kanta gehiago, Gipuzkoa plazara joan zaitezke 23:30etik aurrera, “Hondarribia Hiria” Musika Bandaren ezohiko kontzertu tradizionala ikustera.


Irailak 8, larunbata: KUPELA + KULTO KULTIBO

Alardearen ondoren, 8a ezin hobeto amaitzeko, musika: KUPELA eta KULTO KULTIBO Berriz ere, Bentan izango da, 23:30etik aurrera.

KUPELA:

Xavier Alberdi "Zabale”, Angel Larrañaga eta Juan Ezenarro "Berastegui” hirukoteak osatzen dute Kupela taldea. Berehala burura datorren talde bat, ohiko erromeria euskaldun batekin pentsatzen denean. Leku batzuetan, “erromeriako erregetzat” dauzkate, eta ez da harritzeko, trikitixa eta bertsoa batzen baitituzte, baina hain modu natural eta dibertigarrian, non beti dantzatzera eta alai egotera animatzen duten. Euskal erritmo ohikoez gainera, beste batzuk ere erabiltzen dituzte: pasodobleak, boleroak, runbak edo baltseak, “agarrao” dantzatzera animatzeko deitzen zaien edozein jaitan (bitxia da La Cartagenera euskaraz entzutea).

KULTO KULTIVO:

Kulto Kultibo 2010ean sortu zen Rap/Reggae talde independente gisa taldekide hauekin: Peca (Mc), Samu (Mc), Seta (Dj/Ekoizlea), Aimar (soinu-teknikaria/ekoizlea). Sortu zen urte berean, oso bitarteko gutxirekin eta gutxi jakinda, lehenengo maketa grabatu zuten, “7 Días” izenekoa. Gaur egun, sare sozialen eta plataforma digitalen eboluzioarekin, Kulto Kultibo taldeak borrokan jarraitzen du egun gure sareetan pilatzen diren artisten itsasoan aurrera egiteko.


Irailak 9, igandea: GOLDEN APPLE QUARTET, THE BABOON SHOW + MØRGUE

Benta izango da, berriz ere, jaietako musika-eszenatoki nagusia. Igandean, hilaren 9an, The Baboon Show taldeak izango du lekua 23:00etatik aurrera.

THE BABOON SHOW:

Hondarribira dator The Baboon Show taldea bere album berria aurkeztera, ‘Radio Rebelde’, duela hilabete batzuk estreinatu zena; zazpigarrena dute beren karrera luze eta trinkoan. Joan den hamarkadan sortu zen taldea Suedian. Bere izena ez da hain ospetsua gure lurraldean, aberikide dituzten The Hellacopters eta Backyard Babies taldeak bezala; baina, aldeak alde, Cecilia Boström lider duten laukote honen materialak ez dio inongo enbidiarik haienari.

Bestalde, igandean bertan, 22:30ean, Arma plazan, GOLDEN APPLE QUARTET taldearen ahotsak eta asmamena gozatu ahal izango ditugu. Oraingoan, “Gran Selección” ikuskizuna aurkeztuko dute zuzenean.


Irailak 10, astelehena: Disko Festa DJ KANU, MIKEL URDANGARIN, VENDETTA

Irailaren 10ean, astelehenean, 19:00etatik aurrera, Kasino Zaharra gunean, Disko Festa egongo da, Kanu DJaren eskutik; bereziki gazteentzako jarduera.

22:30ean, Arma plazan, MIKEL URDANGARIN ikusi ahal izango dugu. 2015ean zuzenean aurkeztu zuen bakarlan zoli haren ondoren, Mikel Urdangarinek bere taldearen musikaltasun osoz janzten ditu bere kanta berri eta kartsuak, “Margolaria” berri hori eskaintzeko. Disko hurbila, eskuzabala eta izugarri sendoa. Kantariak, hamar kanta horien bidez, pertsonaren barrualdera begiratzen du, eta bakardade gordina argitu, norberaren txikitasuna eta ziurgabetasuna askatasun-kantu bihurtzeko.

Egun berean, baina beste toki batean, Bentan, 23:30etik aurrera, VENDETTA talde nafarra entzun ahal izango dugu. 2009an sortu zen Vendetta, Javier Etxeberriaren eta Luisillo Kalandrakaren eskutik; Biak ere ibilbide profesional luzeko musikariak nazio-mailan nahiz nazioartean. Proiektu berri honekin bat egin dute Enrikko Rubiñosek, Rubén Antónek (Skalariak taldean elkarrekin jardun zuten musikariak) eta Pello Reparazek, eta horrela osatu da taldea.


Irailak 11, asteartea: ERROMERIA, MARIACHI IMPERIAL ELEGANCIA MEXICANA, LEO HARLEM

18:00etatik aurrera, erromeria izango da Santiago kalean, Meakako Adixkideak Dantza Taldearen eskutik. 19:15ean, Bentan, MARIACHI IMPERIAL ELEGANCIA MEXICANA mariachi-taldea entzun ahal izango dugu.

Jaietako programan bada berritasun nabarmen bat; izan ere, aurten, 21:30etik aurrera, Bentan, kontzertuaren ordez bakarrizketa-ikuskizun bat izango da, kasu honetan LEO HARLEM umoristaren eskutik.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika