CONCIERTO HOMENAJE A JOSE MANUEL AZKUE

Sep, 2020

Irungo Udaleko Kultura Arloarekin elkarlanean, igande honetan, hilak 4, 19:00etan, Oiartzungo Organozaleak elkarteak Jose Manuel Azkueren oroimenezko emanaldiaren VII. edizioa ekarriko du Irunera, hirugarren urtez jarraian. Oraingoan, ordea, horrelako emanaldietarako beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuko dira: edukiera mugatzea, distantzia gordetzea, eskuak behar bezala garbitzea eta maskara nahitaez erabiltzea.

Aurreko bi urteetan bezala, aurtengo ikuskizuna ere berritzailea izango da, eta, bertan, Thomas Ospital Iparraldeko organistak eta bertsolaritza munduko bi erreferentek hartuko dute parte: Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi gipuzkoar bertsolariek. Ikuskariak “Ez zerurako, ez lurrerako II” du izenburutzat, eta 2004an Esteban Elizondo organistak eta Andoni Egaña eta Jon Martin bertsolariek emandako kontzertuaren berredizioa da.

Emanaldiaren formatua Irunen izandako beste edizio batzuetakoaren antzekoa izango da: zenbait kamerak organo inguruan (koruan) gertatzen ari dena grabatuko dute, eta, zuzenean, aldarean jarriko den pantaila erraldoi batean emango dute, ikus-entzuleek organistaren interpretazioaren xehetasun bat ere ez galtzeko. Sarrera doakoa izango da, eta edukiera bete bitartean sartu ahalko dira ikus-entzuleak. Bestalde, aurten, ikusgarriaren osagarri, beste kontzertu bat izango da, bezperan, hilak 3, 19:00etan, Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren Elizan, Hondarribian, non organistak bakarrik parte hartuko duen.

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar con la navegación, consideramos que aceptas su uso. Política de Cookies